Hezkuntza arautuaren eragina nahikoa ez dela eta, euskararen erabilera indartzea eta zabaltzea ezinbestekoa da euskal gizarte elebiduna bermatu ahal izateko.

Askok aitortzen dute gaztelaniaz aritzeko joera eta ohitura dutela. Euskarari lekua egitea, batez ere hiztun komunitatetik urrun daudenak euskarara erakartzea, zaila izaten ari da azken urteotan. Gaztetxoen ezagutza handitzen ari da etengabe, gehienek badakite euskaraz, baina ez dute erabiltzen.

Ikertzaileek ahozkoan ikusten dute indarra egin beharra, oso ohikoa baita gaztetxoek ahozko adierazpenean zailtasunak izatea, eremu soziolinguistikoa edo gertuko hiztun multzoa oso euskalduna dutenen kasuan izan ezik.

Lurraldeen arteko hizkuntza-arrakala

Euskal Herriko lurralde batean edo bestean bizi, edo landa eremuan edo ingurune urbanoan bizi, asko baldintzatzen du ume edo gaztetxo baten euskara ikasteko eta erabiltzeko aukerak. Gainera, euskara etxean bertan jaso dutenek, oro har, lotura beteagoa ageri dute euskararekin.

Euskara hezkuntza arautuan

D ereduko ikasleen artean gaitasun hutsuneak dituzten ikasleen desabantaila nabaria da arlo desberdinetako edukiak euskaraz jorratu eta barneratzeko.

D ereduko ikasleei euskararen B2 tituluaren baliokidetasuna onartzen zaie DBH amaitzen dutenean, azterketarik egin gabe, baina hainbat lanpostu edota ikasketa mailetarako bidea izanik, kasu askotan euskara maila nahikorik ez dute izaten. Bestalde, C1 titulua izan nahi dutenen artean %70ak ez ditu probak gainditzen.

Nahiz eta B2 eta C1 tituluak gero eta gazte gehiagok lortzen dituzten, euskara ulertzen duten hiztun hauen artean sarri askotan ez da ahozko hizkuntza-ohiturarik izaten eta ez da erabilerara jauzi egiten.

Erabileraren auzia, erabilerara jauzia

MINTZA proiektuak euskararen erabileraren sustapena du ardatz eta horretarako hiztun komunitatetik urrun dauden, eta komunikazio-gaitasun nahikorik ez duten, 12-16 urteko gaztetxoak euskarara erakartzeko euskararekiko motibazioan eta kontzientzian eragin nahi du, euskararen lurralde osoan euskaraz bizitzeko hiztunak prestatuz.

Hala, gazteen etorkizunera begirako hizkuntza ahalduntzean ekarpena egitearekin batera, hizkuntza bera sustatu nahi da, hiztun kopuru eta kalitatean eraginez. Izan ere, banakoetan zentratuz erronka kolektibo bateranzko urratsak eman nahi ditu MINTZA proiektuak.

Mintza Gipuzkoan: Udako egonaldiak

Euskara ikasteko eta erabiltzeko modu aproposa da hiztun komunitateetan, bertatik bertara, murgiltzea. Hala, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzea da MINTZA GIPUZKOAN egitasmoaren helburua.

16 urtetik gorakoentzat euskara ikasi eta erabiltzeko barnetegiak urtero antolatzen dira, baina ez da modu horretako aukerarik eskaintzen 12-16 urtekoentzat.

MINTZA proiektuak euskara hiztun komunitateetan egonaldiak antolatzen ditu. 12 eta 16 urte bitarteko euskara errefortzua behar duten gaztetxoen artean euskal kulturan eta euskararen motibazioan eragiteko, belaunaldi arteko hizkuntz transmisioari bultzada emateaz gain euskal kulturaren aldaera ezberdinak ezagutzeko (natura, kultura, ohiturak).

Egitasmoaren eragin esparrua Euskal Herri osoa izanik, egonaldiak Gipuzkoako landa inguruko herri euskaldunetako (euskararen arnasguneak) familietan izango dira, euskara eguneroko jardunean modu naturalean erabiltzen den giroan. Hala, euskara beren inguruan ez duten gaztetxoek hizkuntza bizia dela ikusiko dute, erabiltzen dena eta edozein arlotan adierazgarritasuna duena.

MINTZA proiektuko lan taldeak ume eta gaztetxo bakoitzaren beharrak aztertuko ditu astebete edo hamabost eguneko elkarbizitzarako familia egokia hautatzeko.

Informazioa

Noiz: 2021eko uztailean
Adina: 12-16 urte
Programa: MINTZA Gipuzkoan
Kontaktua: 943 000 333 | mintza@hariadna.net

Izena eman

    Alergiak
    EzBai

    Tratamendu medikoa
    EzBai

    Beste behar batzuk
    EzBai